XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Basoan bildutako onddo eta perretxikoak gogoan ditu; Joxemartin bere anaia zaharrenarekin joan zen egun batean bildu zuten onddo beltz izugarria. Onddoaren txapela, Antzizarreko Indalezio buruhandiaren txapela baino handiagoa zen!

Ukuilu atzealdeko bi arkuak txit politak ziren.

Txikitan, luze egoten zen arkuen harriei begira, ormako leiho estu luzexketatik sartzen zen argi-izpien argilunetan.

Aitona Joanek, lehenago, oso-oso aitzinean, hura ermita izana zela izan zionean, lilura debozio bilakatu zen. Santuen irudiak ikusten zituen harrietan pintaturik.

Mandaberreka, bere auzoko latsa, Ernioko mazizoaren erraietan jaio, ur-jauzi dotore batez azaleratu eta handik gutxira, Anoetako herrian, Oria handian urak isuri.

Uraldietan korrontea handia eta ura uherra ziren; lehortaldietan ur gardenezko korronte-xirripak lotzen zituen putzu desberdinak.

Ur-jauzia pareta busti bilakatzen zen eta orduan amuarrainik ederrenak biltzen ziren errotapeko putzuan.

Joxemartin, prakak belauneraino bildurik, uretan sartuta amuarrainak eskuz harrapatzen ikusten ari da une honetan.

Umetan, bere anaiaren trebezia miretsi zuen, eskuen kolpe arinez amorrain iheslaria zakatzetatik heldurik uretatik ateratzen ikusten zuenean.

Joxemartinek adarra jotzen zion, Leonardo balentria imitatzen saiatzean huts egiten zuenean.

Adar jotzeak ez zuen asko iraun, laster, anaia zaharrena bezain trebe bihurtu baitzen bera ere.

Don Matias, herriko erretorea, upel bat bezain handia eta urdaia bezain koipetsua.

Beti, jaten amaitu berria ematen zuen.

Bere sotana, janari orbanez beteta, inoiz garbitzen ez zuela zirudien.

Don Karlosen aldeko amorratua zen bera, pulpitutik sermoi sutsuak egiten zituen liberalen kontra, bere entzuleen gustukoak noski.

Gogoan ditu hark egun batean botatako hitzak: